XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Idazlanak

Santi Onaindiaren idazlanei begira jartzea, udazkenean, eguraldi argiz, hegohaize epelaren gozotan, pagadi edo harizti bati so egitea bezalatsu da.

Neguko lotara orduko, era guztitako kolorez berde argi, arrosa, horiska... burua erakusten duen basoaren ikuskizun sorgina!

Bertan barneratu ahala, ordea, oihan itsuan zaudela ohartzen zara.

Belarkiak, iratzeak, txilarrak, kukufrakak, zuhaiskak, zuhaitzak, landaredi sarria.

Amorotoar honen idazlanen oihanean sartu eta zehatz-mehatz arakatu zituen, berak ohi bezala, Julen Urkiza adiskideak, baita Patxi Uribarrenek ere JAKIN - 53.ean (1989 uztaila-abuztua).

Horregatik, hemen ez dut egingo haren idazlanen aipamen zehatzik.

Haren lanen ikuspegi orokorra eman nahi nuke batetik eta ahozko literaturari eta bertso eta olerkiei dagokiena bestetik.

Haren lanen artean, olerkiak, idazlan laburrak eta liburuak ditugu.

Prosaz egindako idazlan laburretan, honako gai hauek jorratzen ditu batez ere: erlijio-gaiak, euskal gaiak eta gai orokorrak.

Liburuetan ere oso zerrenda luzea du.

Hauek honela sailka genitzake: bere-bereak, bildumak, itzulpenak eta berak argitaratutako beste zenbait idazleren lanak.

Dena dela MILLA EUSKAL-OLERKI EDER bilduma bada ere, hauxe da Santi Onaindiaren obra osoaren gailurra.

Aipa dezadan Patxi Uribarrenek honetaz dioena:

Hau dugu, zalantzarik gabe, euskararen historian arrakastarik handienetarikoa jaso izan duen liburua.

Gerraondoko gau ilun itogarrien ondoren egunsenti itxaropentsu gisa agertua.

Euskara gazteleraren dialekto eta hizkuntza basati hutsa zela belarrietan behin eta berriro entzun ondoren, euskal munduan benetako askaldia sortu zuen liburu mardula.

Euskaldunok ere munduan bagarela aditzera emateko, mendi-gailurrean entzundako irrintzia edo!

(...) Gaur egun ere, ezinbesteko erreferentzia gertatzen da euskal olerkigintzaren edozein ikerlan egiteko orduan.

Joan Mari Lekuonak: Zabalkunde eta irakaskuntz mailan hor dugu bere MILLA EUSKAL-OLERKl EDER (1954) (...)